Thursday, May 24, 2012

Unai Fuentes IRAGARKIA


Unai Fuentes ALBISTEA

GAZTE LITERATURA.

 Literaturia euskal liburuen azoka eta topagunea Larrabetzun (Bizkaia) izango da aurten ere, ekainaren 1etik 3ra arte. Ohi bezala, liburuen aurkezpenak, hitzaldiak, poesia errezitaldiak eta beste egingo dira, gaur goizean Bilbon emandako prentsaurrekoan adierazi dutenez. Aurtengorako prestatu dituzten jardueren artean, Estepan Urkiaga Lauaxeta idazlearen omenez egingo duten ekitaldia dago.
Lauaxeta: Ez zuten poeta fusilatu izenburupean, musika eta poesia uztartuko dituzte hainbat lagunek. Ekainaren 1ean izango da saioa, 22:00etan, herriko plazan. Tartean izango dira Gari, EƱaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Jabier Muguruza, Txuma Murugarren, Francis Diez, Xabier Montoia, Anje Duhalde, Xabi Strubell eta Petti musikariak eta Ane Zabala, Goizalde Landabaso eta Edorta Jimenez narratzaileak.
Literaturiak, oro har, lau gune izango ditu: herriko plaza, Anguleri kultur etxea, eskola eta Hori Bai gaztetxea.
Larrabetzuko ekitaldien aurretik, Donostian hainbat libururen aurkezpenak egingo dituzte, Literaturia-ren barruan.

Iker Alonso ALBISTEA



ALBISTEA.

Gaur jakingo da Greziako hartzekodunek zorra barkatzea onartu ote duten.

Banku handi gehienek bat egin dute akordioarekin, baina pentsio funts batzuek ez dute sinatuko
Iker Aranburu
Gaur gauean amaituko da epea Greziaren hartzekodun pribatuek haren zorraren zati bat barkatzeko akordioa onartzeko. Orain dituzten bonuak berri batzuekin trukatu behar dituzte, baina %53 gutxiago balioko dute. Galera %75ekoa da, baldin eta zorraren truke jasotzea espero zituzten interesak zenbatuz gero. Banku nagusiek programarekin bat egin dutenez, baikor azaldu dira Greziako Gobernua eta Europako Batzordea.

Operazioaren «garrantzi historikoaz» mintzatu zen atzo Evangelos Venizelos Greziako Finantza ministroa. Historiko hitzak azkenaldian herrialde hartan izan duen gehiegizko erabilera gorabehera, egia da egun garrantzitsuena dela. Zor hori barkatzea funtsezko zutabea da euroguneak Greziari eman behar dion bigarren erreskatean. Gehienek ontzat hartzen ez badute, Greziak ez ditu jasoko Europaren 130.000 milioi euroren maileguak, eta porrot egingo du. Hartzekodun pribatu guztiek ontzat hartuz gero, 206.000 milioiko zorra 100.000 milioira txikituko da. Guztira 360.000 milioi euro zor ditu Greziak, baina sektore publikoak —EBZk, euroguneko estatuak edo banku zentralak...— diru guztia bueltan jasotzea da helburua.

Atenasen mehatxuak

Mehatxuak erabili ditu Atenasko gobernuak operazioan parte hartu nahi ez dutenak konbentzitzeko: beren kabuz zorra barkatzea onartzen ez badute, legez behartuko ditu horretara. Oharrek ez dituzte kikildu inbertitzaile guztiak. Atzo, Greziako bertako lau pentsio funtsek esan zuten ez dutela zorra barkatuko. Zientzialarien, prentsako langileen, polizien eta sektore pribatuko langileen pentsio pribatuak kudeatzen dituzten funtsak dira, eta Greziako Estatuak 2.000 milioi zor dizkie. Venizelosek oso haserre hartu du erabakia, eta berriro ohartarazi die: Operazioak huts egiten badu, zenbat balioko dute haien bonuek? Zero.